Bizitza erdigunean

2016ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Orain dela gutxi aita izan nintzen, lehenengo aldiz. Lur eta Garazi, aspaldiko ametsak izanda, mundu honetara orain dela hiru aste iritsi ziren, gure bizimodua behin betiko hankaz gora jarriz. Hiru asteotan halaxe gertatu zaigu: ia lorik egin gabe, maiz nekez lehertuta, eta, hala ere, irribarrea gure aurpegietatik kendu ezinik.

Gasteizko legebiltzarrean, hau ere lehenengo aldiz, ama berriek ez ezik, aita berriok ere gure botoa —gure kasuan hiru astez, ama berrien kasuan sei astez— beste kide bati uzteko aukera izan dugu. Keinu bat besterik ez da izan, baina atzean gordetzen duen aldarrikapena sakona da. Gainera, denboran nire «aitatasun baimenarekin» batera —kasualitate hutsa, benetan— nire kide Lur Etxeberriak ganberara gurasotasun baimenak seina hilabetera zabaltzeko proposamena eraman zuen. Nago EH Bilduk egindako proposamenaren eta «aitatasun baimena» hartzeko erabakiaren atzean antzeko gogoeta dagoela; biek —bata keinu xumea eta bestea proposamen sendoa izanda, noski— adierazten baitute, besteak beste, aitatasun eredua eraldatzeko borondatea.

EH Bilduk egindako proposamena ez da eredu teoriko hutsa, zeren eta beste herrialde batzuetan dagoeneko egiten baitute, Islandian, esate baterako. Han guraso bakoitzak seina hilabeteko baimena izateko bidea egiten ari dira, eta biek batera har dezakete ala batak bestearen atzetik. Azkenaldian han eta hemen askotan «bizitza erdigunera ekarri beharra» kontzeptua aditzen dugu. Bada, ez al da proposamen hau, era praktiko eta zehatz batez, bizitza erdigunean jartzea?

Gurera ekarrita, eta bizitza erdigunean jartzeko asmoz, EH Bilduren proposamena hiru norabideotan lagungarria izango litzateke: herritarrek seme-alabak izan ditzaten erraztasun gehiago emango lituzke. Horrekin batera aipatu beharra dago seme-alaba horiek hazteko erraztasunak behar ditugula. Bestalde, noski, ama berriak izanda, lan merkatuan jarduteko emakumezkoen baldintzak dezente hobetuko lirateke, amaren baimena luzatzeaz gain, beste gurasoaren baimenarekin jokatzeko aukera izango luketelako. Eta gizonezkooi aitatasun eredu berriak gauzatzeko aukera hobeak emango lizkiguke.

Oro har, irudipena dut, irudipen pertsonala, gurea dela seme-alabak gogo handiz bilatu dituen belaunaldia, askotan lortzeko zailtasun handiekin ere bai. Irudipena dut gurasotasunaz gehien hausnartu eta gutxien praktikatu duen belaunaldia dela gurea. Hau da, hausnarketa gehiegi eta seme-alaba gutxiegi. Halere, sumatzen dut nire belaunaldiko gizonezko gehienok ezagutu ez dugun aitatasunik saiatu nahi dugula. Seguruenez, gure aitak ezagutu zutenarekiko ere saiatu ziren bezala. Noski, guk haurrei «kalitatezko denbora» eskaini nahi diegu, baita «denbora kantitate» handia ere. Beraien bizipen asko partekatu nahi dugu, alegia. Gure haurren eguneroko bizipen arruntetako partaide ere izan nahi dugu. Erabaki horrek, jakina, gizonezkooi eskatzen digu gure esparru publikoaren eta pribatuaren arteko oreka berri bat ere, eta ordezkari politikook plaza publikoan gauden neurrian, honetan ere eredugarriak izateko aukera daukagu, plaza publikoan gutxiago egonez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.