Ausardiaren eta abileziaren tintaz bete du idazluma Bea Salaberrik. Orri batzuk eri puntetan pasatu behar izan ditut, malko minberez trenpaturiko mokanesak bailiran, beldurrez-eta itzulikatzean urratzen ditudan. Ezinago lan jantzia da maisulana; fikzioa bada ere, 2000. urterat jauzi eginarazten digu, eta ondoko hamabostetarat, horretarako prestatu dituen dekoratu zehatzak lagun. Esku-begietatik ezin utziriko liburua egin zait Mesfida zaitez, idazlea ezaugarritzen duen estilo deskriptiboak irensten du irakurlea giro jakin biziki zehatz baten zurrunbiloan. Sufrimenduzko Historia hurbilaren lekukotasuna izan zitekeenari istorioa uztartu dio Salaberrik, hizkuntza maila eredugarrian; ETAren desarmatzea antolatzen ari direla, gogoetatu du protagonistak: «Gaztetatik ezagutu dugun giro eta kontestu osoa bukatuko dun, ondoko belaunaldiek ez dine biziko egoera hau. Zein bitxia den! Historia liburuetan egonen den kapitulua diseinatzen ari dun, mendi zoko batean...».
Liburua hetsi dut baina fikzioak ez du etenik ukan; Zuhaitz Errastiren bahiketak murgilarazi baikaitu orduko giro hartan.