Gure herriko sarreran panel batzuk zeuden duela gutxira arte. «Heriotza zigorrik gabeko herria», zioten, eta azpian: «ETA ez». Nerabezaroan, ikusten nituen bakoitzean galdetzen nion neure buruari nork hartu ote zuen nire izenean halako baieztapen hiperboliko bat egiteko eskumena. Heriotza zigorra AEBetako administrazioak arautzen duen gauza bat zen. ETAk egiten zuena tamalgarria izan zitekeen, baina beste zerbait zen. Eta biak nahastea, bistan da, inguratzen gintuen gatazkari buruzko edozein eztabaida arrazional oztopatzeko estrategia bat.
ETAk ia atentatu larririk egiten ez zuen garaian hazitakoa nintzen: uste dut hiru baino ez ditudala zuzenean oroitzen. Gainerakoak kontatu egin dizkidate, buruan gertakariak zehaztasun handiz berreraikitzeraino. Tortura kasuak eta atxiloketak bai, horiek dezente gehiago oroitzen ditut. Ez dizkidate deskribatu behar Unai Romanoren bi argazkiak: hamar urte nituenetik dauzkat buruan iltzatuta. Hamabirekin, gerora lantoki izango nuen egunkariko zuzendariaren testigantzak aditu nituen.
Orain zortzigarren aldiz zigortu dute Espainia torturak ez ikertzeagatik. 20.000 euroren truke saihestuko du benetan egin beharko zukeena; garestiago aterako zitzaiokeen errudunak zigortzea. Halako herrian bizi gara: arazo batzuk unibertsalak direna, baina beste batzuk oso gutxirenak.
BIRA
Zigorrarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu