Esango nuke Anne Etxegoienen Le voix basques diskoak leku pribilegiatua duela Guy Poulou Ziburuko auzapezaren fonotekan. Are, esango nuke egunotako ilunabar hotz eta ezkoetan behin baino gehiagotan entzun duela supazter goxoan, euskal-aren irudikapen musikal new-age eta autolaguntzazko horretan laketuta ikastolako guraso erradikalek sortu dizkioten buruko minak arintzeko. Esango nuke «ez zen gehiago txoria izango» kantatu duela ahapeka, nostalgia eta alegiazko paisaia urdin-berdeetara telegarraiatuta, 2 eta 5 urteko arteko haurrak argindarrik eta berogailurik gabe uzteak sortutako arrangura amiñia ahazteko.
Guy Poulouk maite baitu euskara, Nora Arbelbidek kazeta honetarako egin dion elkarrizketa zorrotzari erantzutean nabarmendu nahi izan duen bezala. Maite baitu amatxik eta aitak mintzo zutelako, iragan garaien oroitzapen gisa. Maite baitu etxean, familian, zokoan. Ez, ordea, hezkuntzaren erdiguneetako bat den eskola publikoan; ez herritartasunaren muinetako bat den eskubide orokorren aitortzan. Horregatik bidali nahi du ikastola herritik kanpora, bazterrera, periferiara, bitxikeriara, Etxegoienen hautu estetikoetan gorpuztutako estereotipoek jartzen gaituzten leku berera.
Horregatik izango gara gaur Ziburuko manifan: herritar izan nahi dugulako bitxikeria izatetik libre, eskubide osoz.
BIRA
Ziburun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu