Alfonbra gorrian egin dugu topo aspaldiko lagunak eta biok. Hori du, besteak beste, Donostiako Zinemaldiak, jendearekin aldarte onean elkartzeko aukera ematen dizula.Carlos Sorinen Patagoniako istorio minimo berrituarekin hunkitu den bakanetakoa naizelakoan atera naiz aretotik , eta hala agertu diot lagunari, zertxobait lotsatuta. Beti izan naizela sentimental hutsa erantzun dit, eta, ziurrenera, arrazoi du. Gainera, ederki ulertu diot sentimental horrekin laburbildu nahi izan duena: hunkibera ez ezik, inuzente xamarra naizela, sinesbera, kausa galduen junkia. Hori bai, maitasun babeslez adierazi dit hori guztia, eta pintxo batera gonbidatu nau.
Eta, ezinbestean, bezperetako greba orokor eta hango eta hemengo polizien egur emate masiboak izan ditugu hizpide. «Pasada bat, onartezina», diogu batera. Baina kriantzari tragoxka jo eta gero egin dit aitorpena: lan egin zuela greba egunean. «Zertarako?», galdetu dit , «zertarako balio du, ba, grebak?». Epelak bota ditu ondoren sindikatuen kontra: botere egitura paraleloak direla, euren interes propioei emanak... «Zertarako?», diosta, berriz. «Gehiengo isilaren parte ez izateko, apika?» asmatu dut nik, ozta-ozta. «Ai, sentimentala!», esanez besarkatu nau. Eta lasterka joan da, Costa-Gravasen Le Capital zorrotza txalotzera.
Bira
Zertarako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu