Niniaren hankarte sentiberaren xahutzeko ez da hainbertze hautarik: paperezko oihal hezeak, kotoia, ura eta xaboia, edo mostoka natural-berrerabilgarriak. Alta, behin hazita, bat eta bakarra dugu hemen hankarte horretako fauna eta flora garbitzeko kultura: papera. Hori bai, kontzientzia ekologikoa eta fereka-gustuaren araberako eskaintza zabala duzu.
K.a. II. mendeaz geroztik baliatzen dute papera txinatarrek, eta mende parrasta behar izan dugu egin-moldearen inportatzeko Europarat. Aitzin, eskura zegoen edozerk balio zigun horretarako: entsalada edota arto-hostoak, oihal edota larru-zatiak, belarra...
Makilari estekatu mostoka zuten erromatarrek baliatzen (tersorium); komun publikoetan bat ezartzen zuten murruari loturik, eta ur gazitan trenpatuz, uzkiz uzki pasatzen.
Alta, antzinako greziarrei ere ikasi zieten uzkia zeramika puska kamustuz garbitzea: harrigarria. K.o. II. mendeko Palermoko eta Kretako bi zati ikertu dituzte. Pessoi izeneko greziar joko baterako baliatzen zituzten zeramika-puska intelektual horiek, ororen buru, xede eskatologikoak ere bazituztela ondorioztatu dute.