Samara Velte.
BIRA

Zentrismoak

2016ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Munduari Gipuzkoatik begiratzen diogun guztiok abiatu beharko genuke halako dietario moduko bat, gure zentralitate sentsazioa deseraikitzen hasteko terapia gisa: Gipuzkoar-zentrista baten konfesioak. Apuntatu behar genuke, esaterako, lehenbizikoz unibertsitatera iritsi eta gipuzkoarrak ginela ohartzen hasi ginenekoa, «las máquinas están lotutas a la pared» esaten zuten gelakide bizkaitar batzuek beldurra ematen zigutelako —geroago, kurtso amaieran, ergatibo txiki bat lurperatu genuen sinbolikoki fakultate aurreko belardian—. Edo amabirjinetako zubian Iparraldera joan ginen hartakoa, pentsatuz jendeak alaikiro kantu herrikoiak abesten eta ardoa zahatotik edaten emango zigula ongietorria, baina ohartu ginenekoa Euskal Herri osoan festak ziren asteburu berean Maule hutsik zegoela; eta zeuden lau katuentzat espainolak ginela. Edo Arabako Errioxara joan eta bekainak altxatu genituenekoa zerbitzariak euskaraz erantzun zigunean. Edota guk ez daukagun laugarren hizkuntza eskakizuna ateratzen ari den adiskide euskaldun berriak galdetu zigunekoa Azpeitiko edo Azpeitiako idatzi behar ote den, eta euskalkiei buruzko txapa batekin distraitzen saiatu ginenekoa, guk geuk ere ez genekielako erantzun zuzena.

Ondo dago norbere burua non dagoen ohartzea eta tarteka beste perspektiba batzuetatik begiratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.