Miren Amuriza.
BIRA

Ze nezesidade?

2018ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Koherentzia atake batek eman zigun lehengoan lagun bati eta bioi eta zera erabaki genuen: arratsalde hartan inor ez epaitzea (biotakoren bat jausten bazen, afaria ordaindu beharko zion besteari). Total, Bilboko Gran Vian behera goazela, non gurutzatzen garen berdin-berdin jantzita zihoan bikote hipster batekin: han zetozen, elkarri lepotik heldu-heldu eginda, beren zapatila zuri, bakero nasai, alkandora estanpatu eta kapelatxo (Hego Korean, Japonian, Txinan... tendentzia hedatua ei da hau; jendaurreko maitasun adierazpenak txarto ikusita daudenez, berorien ordezkotzat baliatzen dute bikote gazteek). Listua irentsi nuen.

Ikusiak nituen lehenengo pertsona pluralean berba egiteko, elkarren keinuak imitatzeko, estiloko arropa eroateko joera duten bikoteak; gure kuadrillan esan ohi dugun moduan, Gotrunks efektua performatzen dutenak (Dragoi Bolako pertsonaia bi ziren Goten eta Trunks, izaki bakarrean fusionatzen zirenak). Ordea, halako batasun estetikorik egundo ikusi bakoa nintzen: ager diezaiogun munduari janzkera, ibilera, sentiera, pentsaera bera dugula, maitea. Masailak puzten-puzten ari zitzaizkidala jabetu nintzen orduan: eutsi, neska, eutsi... Ordea, hantxe, Pull&Bear-eko aldageletan selfie-ak ateratzen imajinatu nituen gazte haiek biak eta, azkenean, ihes egin zidan: ze nezesidade? Afaria ordaindu behar izan nuen, noski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.