Hogeita batgarren mendeko munduak ez zuen oso ondo ulertu gure ahizpa zaharrak amaginarreba etxean hartzea; eta erresidentziara eramatea ere ez. Azken urtean hunkigarria egin zait hainbeste maite nuen gizon baten arrebak eta iloba hura zaintzen ikustea. Harro sentitzen naiz senar ohia zaintzen ari den lagunarekin hitz egiten dudanean. Munduarentzat inozoa baino ez da, baina bizitzak eman dituen bueltak ikusita, gertatu direnak jakinda, badakit egiten ari dena dela egin dezakeen onena, eta kritikatzea baino aukera hobea iruditzen zait berak gizon hori zaintzen duen bitartean, nik bera zaintzea. Bost aldiz jaiota ere, ezingo nuke ordaindu Madriletik itzultzean zelan hartu ninduten lagunek. Ez nentorren ondo, ez nentorren indartsu; ez nentorren. Ez nekien non nengoen ere, neure burua zalantzan jarriz etengabe. Aldapa barrenean zutik jarri ninduten lagunek, eta mendi tontorreraino ekarri naute.
Azkenaldian obsesio baten moduan bizi dut zaintzaren gaia. Iruditzen zait epaitu egiten dugula nor ari den zaintza guaya egiten eta nor ari den inozoarena egiten ezarri zaion katea hausteko indarrik gabe. Liburuetan irakurri dugunaren arabera epaitzen dugu errealitatea. Eta azkenean emoziorik gabeko zaintzak irabaziko du, bakoitzaren interesen araberakoak.

BIRA
Zaintzaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu