Bira
Zaila
Ez zaio buruan sartzen agertokira igotzera ausartzen den neska batek halako konplexuak izan ditzakeenik. Saiatu naiz azaltzen, normalean ez nautela mugatzen, baina jendeak noizbait egindako zenbait komentario hor barruan iltzatuta ditudala. Horraino buruarekin baiezkoa egin dit, baina hortik aurrera, psikologoek erabiltzen duten hitz ponpoxo bat esan dit. Ez dakit zer den zehazki esan nahi duena, baina lagunaren arabera da, bizitzak beldurrak gainditzeko armak ematen dizkizunean, beldur horiek edo konplexu horiek gainditzea. Ez dago gaizki esana. Esan diot badakidala bizitzak eman dizkidala konplexuak gainditzeko behar adina bide: jende zoragarria ezagutu dut, gehien gustatzen zaidana egitearren ordaindu egiten didate, bertsolaria naiz, bidaiak egin ditut eta egiteko asmoa dut… gizarteak ezarri nahi izan dizkidan praketan ez kabitzea ez da arazoa izan nahi ditudan gauzak egiteko. Hala ere, min handia egin dizuten egoerak eta hitzak hor daude, eta bizitzan dena denez ziklikoa, tarteka, mamuak esnatu egiten dira. «Horregatik izan zara hain bordea berarekin?», galdetu dit. Bai, tristea da, baina behin hondoratu egin ninduen, eta orain mendeku antzerakoa egiten diot. Zer egingo diogu, denok daukagu gustatzen ez zaigun alderdiren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu