Bira
Zahartzaroa
Lehen, zaharra hitzak ez zeukan euskaraz konnotazio txarrik; azken batean, saihestezina da denbora pasatzea. Gure amama Benitak goizero eskatzen zuen orrazteko, eta kolonia franko bota ondoren, etxeko atarian esertzen zen lasai. Amama Ramonak iloben ilobak ikusi zituen jaiotzen, eta presa handirik gabe zegoen heriotzaren zain. Armairuan gordeta zeukan hilkutxan jantzi ziezaioten nahi zuen arropa, eta etxeko ilobarik zaharrenari gogorarazten zion tarteka. Aitita Patxik lasai eman zituen azken urteak, bere gaixotasunaren jakitun: etxe bueltan ibiltzen zen pauso laburrean hara eta hona, urrutirako ametsik gabe. Zaharrak ziren, eta munduko egunak amaitzen zituztela esaten ziguten inolako larritasunik eta enbarazurik gabe. Orain zaharrak trapuak bakarrik direla esaten dugu, gaztelaniaz esaten duten lez; liftingak egiten ditugu inork ez igartzeko zenbat urte ditugun; arineketan gabiltza heriotzak harrapa ez gaitzan; ez dugu pentsatu ere egin nahi munduko egunak amaituko zaizkigunik; egun bat osorik edo ia osorik etxean pasatzen badugu, antsietateak jotzen gaitu; laurogei urterekin hiltzen direnak gazte hiltzen direla esaten dugu, zahartu direla ez onartzearren. Pena ematen dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu