Prostatako minbizia izaten duten gizonei, hainbat alternatiba eskaintzen dizkiete zakila berriz ere tentetu dakien nahi badute. Oso hurbil bizi izan dut, eta badakit badirela pilulak, ukenduak eta injekzioak, besteak beste. Minbizia izan duten emakumeei, tratamenduak bagina lehortzen die. Hormonoterapian desioa galtzen dute, eta medikuek ez dute haien desioa berreskuratzeko, edo sarketa gozagarri egiteko aukerarik eskaintzen. Pote urdineko Nivea aholkatu izan diote baten bati, eta bizirik egotearekin konformatzeko iradoki gehienei. Gure plazerak ez du inporta, ez gara gizonak, zertarako ikertu edo alternatibak landu? Tontakeria bat irudituko zaizue, baina minbiziaz, hura ulertzeko moduaz, gure osasun sistemaz, ikerketa gehiagoren beharraz, zenbait profesionalen mailaz eta gaurko egunaz asko esaten duen xehetasuna da.
Ez iezadazue gaur xingola arrosarik opatu, mesedez. Eskatu ezazue nirekin batera osasun sistema publiko indartsua eta baliabideduna. Eskatu ezazue iker dadila minbizia, eta gure zergak bideratu daitezela horretara.