
Bira
Xingola
Santi Leoneri irakurri diot zahartzaroa hasten dela nostalgiak jota gazte nintzelarik-en pareko sintagmak errepikatzen ditugunean. Arrazoi du, horrela hasten da. Bai, bederen, zahartzaro autosumatua, maiz adin biologikoarekin bat ez datorrena, gaztaro autoirudikatua bat etortzen ez den bezala. Baina bada beste zahartzaro bat norberaren kontroletik kanpo dagoena, gupidagabea, autoengainuaren salatzailea: gorputzaren endekatze saihestezinak finkatzen du. Zeren eta iristen da edade bat, minbiziak, esaterako, aurreko belaunaldien kontu izateari lagatzen diona eta adinkideei erasaten, izurri baten pare. 40 urteak pasatxoak ditugun andrazkook, adibidez, tonbola zarrastel baten gisa bizi dugu bularreko minbizia: badakizu txartel mordoska daukazula eta, gainera, tokatu egiten dela. Horregatik, orain arte ez bezala, atzoko dataz, Bularreko Minbiziaren Egunez, xingola arrosa janzteko tentazioa izan dut aurten. Hartara nindoala, ekimenaren sustatzaileen zerrenda etorri zitzaidan eskutara: Estee Lauder, Carolina Herrera, Ralph Lauren, Swarovski... Klase mesfidantza eta aurreiritzi guztiek gainez egin zidaten. Xingola zakarretara bota, eta eslogana idatzi nuen kamiseta zuri zahar batean: Osasuna denontzat, sistema publikoaren eraisketarik ez. Errotulagailu gorriz eta beltzez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu