Atzo goizean Baionako karrika hertsietan usnatzen zen pixa eta xingar erre usainak asteburuko asekari besta animalekoa izan dela argi utzi du. Airearen urrin mikatzak sudur zuloak emokatuko ditu menturaz ondoko egunetan ere. Milaka jende hurbildu da, autoz, trenez eta autobusez, guziak arrosez jantzirik, hots txerriño kurrinkariaren kolore xamurrak soinean. Baionako udako besten errepikapena egin dute zenbaitek. Tabernariak pozik direla irakurri dut nonbait: dena ongi joan da beraz mundurik hoberenean.
Larunbat goizean jadanik baziren beren bezperako egartsu tzarra gainditzen ari zirenak, lurrean hedailo, garbiketa makinen burrunba artean. Tentsioa zerbait sentitzen zen hiriaren gainean, ohituraren eta kulturaren diskurtsoekin justifikatzen den kontsumitzeko halako frenesia bat. Baionaren irudia ez zikintzeko agian, zarata apalean baizik ez dira aipatzen lau egun hauetan gertatu diren aharra partidak, Errobira jauzi egiteak, kotxeek kolpatu oinezkoak, ahantzi gabe bortxaketa kasu susmoa. Egia da gertakizun hauek Xingar Feriaren eremutik kanpo agitu direla... xerri gaixoaren aitzakian!