Hainbat etxetan urde bat edo beste hiltzen da negua datorrenean. Badakit ez dela ene goiz honetako gaia biziki glamourra, sustut gaurko egunean, gutariko asko begetarianoak bihurtu eta abereen sufrikarioak dardarka jartzen gaituenean. Hala ere, oroitu gaitezen gure haur denboran, egun hori auzotarrak eta askaziak biltzen zituen besta handi bat zela, iluntzean lehen tripotak, lehen lukainkak, lehen txigorrak dastatzen genituela sutondo xokoan.
Amak txikienaren belarriak tapatzen zituen urdearen azken oihu saminak entzun ez zitzan. Urtean zehar, kurrinka eta lohi zepoetan ihalozka ikusi zerriaren mina partekatzen genuen egiazki. Gero, gizonek moztu gorputz zatiak gatz eta piperrez ontzen zituzten emazteek, eta umeok, ur hegian, hertzeak garbitzen genituen eskuak hotzez gorritzeraino. Ives Roqueta (1936-2015) okzitaniar poetaren Messa pels porcs olerki luze eta hunkigarria gelditzen zaigu txerriaren sakrifizio horren ohoratzeko. Eta dagoeneko, gure aldia da, biloben belarriak tapatzea urdearen dolore ezin jasana hauteman ez dezaten...