Onintza Enbeita
BIRA

Unibertsoa

2020ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Badut lagun bat bere alabari nire antza hartzen diona. Semeari ez: semea oso berea ei du. Batak eta besteak egindako marrazkiak erakusten dizkit, adibidez. Semearenak zehaztasun handiz marraztuak izaten dira: bere adinerako ondoegi. Alabarenak kontzeptualak dira, kolore askokoak: bereziki ederrak, baina munduarentzat kaotikoak. Eta orduan amak, nire lagunak, barre egiten du: «Hau ingeniariak egin du, eta hau kosmikoak». Eta horregatik hartzen dio umeari nire antza: nik esaten diodalako unibertsoak hitz egiten digula eta entzun egin behar zaiola. Alabarengan ikusten du espaziora begiratzeko joera, baina semeak amaren moduan begiratzen dio munduari, zorrotz. Eta gure betiko eztabaida hasten dugu. Mundua mundu omen baita, eta ez guk ikusi nahi ditugun gauza horiek guztiak. Zientziak dena azaltzen omen du, eta ez omen dago zertan sinistu zientifikoak eta ziurrak ez diren gauzetan. Nik hasperen egiten dut, arnasa hartu, eta irribarrez azaltzen diot lagunari, guk, kosmikook salbatzen dugula zientzia bere kabuz azaldu ezin dituen gauzetatik. «Kontraesan handi batean bizi zarete zientziazale itsuok», esaten diot: «Zuek esplikatu zeniguten planeta borobila dela eta unibertsoa infinitua, baina, orain, zeuek bizi zarete mugaz eta marraz betetako lauki batean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.