Onintza Enbeita
BIRA

Umeen zaintza

2022ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Umeek oporrak hartuko dituzte gaur. Nigandik hurbil daudenak nekatuta sumatzen ditut. Joan den asteko beroekin koloreak gorrituta iristen ziren etxera. Irailetik hona, duten guztia eman dute eskolan. Umeek elkar ezagutzen dute eskolan, eta taldean funtzionatzeko arauez, lidergoez... jabetzen dira. Eta hori dena lan astuna da.

Ez dakit zenbat aldiz entzun dudan asteburu honetan umeak hobeto daudela eskolan oporretan baino. Sutan jartzen naiz. Umeek ere merezi dute deskantsua. Badakit ez dela erraza umeak oporretan eta gurasoak lanean daudenean bizitza bideratzea, baina hori ez da umeen errua. Umeak ekartzera animatzen gaituzte eta ez digute inolako erraztasunik ematen haien zaintzaz arduratzeko. Gure belaunaldiari gurasoak esplotatzea leporatu zaio, baina askok ez dute beste aukerarik eduki. Izan ere, norbere soldata miserablea zati prekariotan banatzea ez da konponbidea. Ez behintzat gure umeak zaintzeko prest dagoenari ondo ordaindu nahi badiogu. Kontua da gure prekaritatea, gehiegizko kontsumoa, lan jardun amaigabeak, kontziliaziorako aukera urriak... ez direla umeen ardura. Beraz, umeak oporretan baino hobeto eskolan daudela esan ordez, esan dezagun gure ardura dela umeen zaintza bezain gauza oinarrizkoa ganoraz egitea ahalbidetzen ez duen sistema hau iraultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.