BIRA
«Udismoa»
Bizitzaren zentzua (adibidez, irailetik uztailera lanean aritzea abuztuan oporretan joateko) esplikatzen duen sinesmen eta praktika multzoa omen erlijioa; komunitate baten kosmobisioa errepresentatzen duena eta bertako kideak kategoria existentzialen batekin batzen dituena, hala nola zorionarekin. Maxima hori da, esaterako, udismoaren oinarria. Budismoarena? Ez, udismoarena.Edozein doktrinak ohi duen moduan, narratiba mitologiko oparoa dauka (o, udaleku, kontzertu, bidaia, affaire amodiozko ahaztezin hura!), baita feligresek data jakin batzuetan masan bisitatzen dituzten gune sakratuak ere (kanpin, jai-gune, aireportu, hondartzako txiringito eta beste). Iniziazio prozesuak, erritualak eta sakrifizioak (lehenengo mozkorrak, txupinazoak eta eguzki galdatan eginiko orduak); trantzeak, musika eta borondatezko zerbitzuak (siestak, «euritan dantzan, euritan dantzan» eta bilobak zaintzea). Erlijio politeista da udismoa, autoteista zehatzago esateko. Autopista? Ez, autoteista: nahitaezkoa da norbera jainko-jainkosa ahalguztidun sentitzea, nola perfume iragarkietako protagonistak. Eta zu, lagun momorro hori, hortxe, abuztu atarian pletoriko ez egoteagatik zeure burua, eten barik, justifikatu beharrean. Egizu apostasia; ez daukazu-eta bi aldiz dohakabe sentitu beharrik izozki bat jaten duzun bakoitzean orgasmo bat edukitzen ez duzulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu