Entzun eta ikasi nuen lehen kantuetako bat da. Amaren aldeko aitonarekin xiruliruli-ka eta aitaren aldeko amonarekin andres-mandres-ka ageri naiz barne pantailako lehen irudietan, ia-ia txuri-beltzean. Alabari kantatu nion lehen doinuetako bat izan zen, eta ama lerdetsuaren pozak hartu ninduen sei bat hilabeterekin puntaren puntan esaten genuen bitartean hatz erakuslea dantzatzen hasi zenean. Alegia, irrati gazteturen batean laburtuko luketen bezala nire bizitzako soinu bandaren parte da.
Baina urteak dira eremu intimo horretatik kanpo entzuten ez dudala —kasualitatez abesbatza demoderen bati akaso, halabeharrez txistulari banda zaharturen bati beharbada—. Alabak ere aspaldi baztertu zuen bere kantu gogokoenen zerrendatik, nahiago ditu ikastolak eta pailazoek irakatsitako doinu berriak: biziagoak, ozenagoak, umeentzakoagoak.
Superstar anglosaxoia etorri zaigu, ordea; ikono unibertsala. Madonna. Eta esan digu ederra, bizia eta gaurkoa dela zaharrunoen biltegian ondo itxita geneukan kanta. Zoramenak hartu gaitu, eta Aldapeko sagarraren, adarraren puntan-ekin diogu pozarren, ohartu gabe kolonizatzailearen onespenak bihurtu digula gustagarri.Udako kanta egingo dugu. Niri, egia esateko, kitsch-a eta eurobisiboa iruditu zait ikuskizuna.
Bira
Udako kanta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu