Bira

Txarrak

Onintza Enbeita
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Behin onei buruz idatzita, txarrei buruz idaztea zor nuen, baina kosta egiten zait; txarra zer den argitu nahian, nahastu egiten naiz. Adibidez, txarrak kartzelara joaten direla esan zidaten niri ere umetan, baina handitan ez da horrela izan: onak ikusi ditut kartzelan usteltzen, eta herritarren odola zurrupatu arte tiraka ibili direnek gorbata eranzteko beharrik ere ez dute izan. Gaddafi bera ere txarra dela esan digute, eta hala izango zen akaso, baina hil dutenak ez dira bera baino askoz hobeak. Osasuntsu egoteko txarrak omen diren gauzak gustuko ditut: txokolatea, garagardoa, gominolak, maionesa, ardoa, txorizoa, arrautza frijitua, pizza, gazta tarta... Eta hainbeste gustatzen bazaizkit, ez dira hain txarrak izango, noski! Antzerki obra txarrekin lehertu naiz barrez, eta film txarrek hunkitu egin naute. Nire garapenerako txarrak izan behar zuten pertsonek markatu dute nire bidea, eta askok uste baino pertsona hobea naiz gaur egun. Gerta liteke arazoa neurea izatea, edo gerta liteke, eta gehienetan hala izaten da, sistemak edo gizarteak agintzea txarrak direla enbarazu egiten dioten gauzak. Kontua da sistemarentzat edo gizarte zoro honentzat txarrak diren gauzak beti ez direla guretzat txarrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.