Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Turistak

2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Bazter ikusezinetara desterratu ditugu kanposantuak, heriotza bera bezala. Edo turismo leku bihurtu: gurea baino inguru kosmpolitagoetan nekroturismoa ohikoa dela gaztigatu digu periodikoak, eta, gainera, geure buruari beste domina bat eransteko moduan gaudela, Donostiako Polloe hilerri bisitagarrienen gidetako urrezko orrietan paratu baitute. Sekulakoak gara gero: marko konparaezina, sukaldari jatorren pintxo bikainak, jendarte alaia eta hilobiak.

Eta pentsatzen jarrita, geu ere ibili gara Londresko Highgaten, Karl Marx edo Virginia Wolfen bila bainoago maitagarri zuri eta izaki ilunen ipuinetan murgilduta. Edo Zihigako hilerri kaskoan, euskalduntasuna arakatzen, ispiluetara jolasten.

Jolasa baita, funtsean, turismoa: zernahitara hurbiltzea baina sartu gabe; hatz puntekin ukitzea esku ahurrean hartu gabe; mozorroa janztea larrurik sentitu gabe. Izatea, izan gabe. Bai, baina ez.

Halaxe gabiltza heriotzarekin: turismoa egiten dugu urrutiko kanposatuetan, baina bazter ikusezinetara desterratzen ditugu gureak —eta urruntasuna ez dute baitezpada kilometroek erabakitzen—. Pantailetan adi-adi egoten gara urrutiko heriotzei begira, baina ihes egiten diogu albokoarenari; zer esanik ez geurearen aukerari.

Halaxe gabiltza bizitzarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.