Beraien emazte-umeak hartuta sartzen dira itsasontzietan, eta itsasotik ikusten dute Gaza nola suntsitzen duten beraien bonbek. Laster haiek biziko diren lurra edo oporretara joango direna izango da. Ileak puntan jartzen zaizkit. Nazka ematen didate. Bitartean munduak jarraitzen du arabiarren izaerari edo erlijioari edo kulturari buruzko aurreiritziak handitzen. Urte askotan sartu digute buruan haiena dela erlijio matxista bakarra, haiek direla emakumeak zapaltzen dituzten bakarrak... judu ortodoxoen eta ultraortodoxoen emazteak libre biziko balira bezala. Ondo antolatu zuten dena: arabiarren kultura gutxietsi, mespretxatu, munduan gertatzen diren gaitz guztien errua haiei bota eta eurak askatasunaren sinbolo balira legez aurkeztu ortzadarraren banderarekin.
Munduari arrazakeria dario arabiarren kontra, eta sionismoak euliak bezala hiltzen ditu gure utzikeriaren aurrean. Agian guk ere itsasontzi horietako bat hartu behar genuke horrorea ikusteko, genozidioa usaintzeko eta Hamasez eta Hezbollahz hitz egiteari utzita Israelen kontrako boikotari ekiteko.