Badira efemeriderik gabeko egunak. Gertatzez, beti gertatuko zen zerbait edo jaioko zen norbait edo hilko zuten baten bat, baina badira inspiratzen ez duten egunak. Halakoetan zaila da idaztea. Abendua hasi berri, eta Euskaraldia amaitzear, triste jarri naiz, gainera. Obulatzen nagoelako izan daiteke, baina pozak itzali zaizkit. Beroaz kexu ginen, eta alde egin duenean grisa iruditu zait dena. Neguak badu guztiok geure barrura begira jartzeko boterea.Beti ez gara ondo egoten barrura begira, ordea. Norbera da norbere buruaren lagunik onena, baina kritikorik zorrotzena ere bai, eta txapelketa amaitu berri, akats gehiegi ditut neure buruari leporatzeko. Dena gara erru, dena akats; eta eguraldiaren tristurak ez du laguntzen. Agian, horregatik gonbidatuko ninduten desertura: eguzki-berritzeko.
Badira inspiratzen ez gaituzten egunak, edo pentsatzen duguna esateak beldurra ematen digunak. Euskaraldiko azken ekitaldiak programatuta daude, eta beldurra ematen dit aste osoa txaparekin egin dutenek zer egingo duten bihar, etzi edo etzidamu. Ahobizi asko entzun ditut erdaraz belarriprest direnak haiek baino gutxiago direlakoan. Ekimen eder guztiak izorratzen ditugu. Bejondeiola Euskaraldiari, baina besteok egin dezagun autokritika eta zintzotasunezko auto-ariketa.
BIRA
Tristura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu