Samara Velte.
BIRA

Tinder

2016ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Denbora zen norbait ezagutu nahi zuela; bikotekidea izan gabe ere, gutxienez tartean behin gustura egoteko konpainiaren bat. Aurrez aurreko hitz jarioan ez zen bereziki trebea; parrandetan, ez zen inorengana hurbiltzera ausartzen hura bikoiztuta ikusten hasi arte; eta, norbaitekin hizketan hasten zenero, beranduegi bururatzen zitzaizkion txisteak eta irribarreak eragiten dituzten ateraldiak. Noiz edo noiz berari gerturatzen zitzaizkionean, ez zen ohartzen gertatzen ari zenaz kuadrillarengana itzultzen zen arte.

Egun batean, telefonoz jendea ezagutzeko aplikazio bat jaisteko gomendatu zion adiskideren batek. Deskargatu zuen Tinderra, zabaldu zuen kontua eta igo zituen bere argazki onenak —azkenekoz mendira joan zenekoa jarri zuen profilean, duela bost urte ingurukoa izan arren—, eta interes pertsonalen formularioa betetzen hasi zen. Ingurukoak harrituta daude harrezkeroztik: Tinder bere bizitzan sartu denetik, beste pertsona bat da. Ordura arte bere buruari sekula galdetu ez zizkionak planteatzen hasi da: Noren bila nabil? Lehenbizikoz, gizon eta emakumeei zabaldu die harremanetarako bere leihoa. Zeintzuk dira nire indarguneak? Eta ohartu da ez dauzkala uste bezainbeste ezintasun. Seguruago dabil eta lasai egiten ditu txantxak. Zer nahi duzue esatea: telefonotik kanpo ezagutzen dutenentzat ere askoz pertsona interesgarriagoa izaten hasi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.