Onintza Enbeita
BIRA

Telefonoa

2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Batzuetan ahaztu egiten zaigu nola bizi ginen poltsan eramateko telefonorik gabe. Bizi ginen, ordea. Eta elkarrekin egiten genuen parranda, eta inork ez bazuen ligatzen, elkarrekin itzultzen ginen etxera, eta laguna parrandan galtzen zenean, jakin egiten genuen non bilatu. Eta medikuarekin genituen zitak ez genituen galtzen, eta leku gehienetara ordurako heltzen ginen. Eta oporretako argazkiak izaten genituen, eta ez genuen inor baztertzen etxean telefonorik ez geneukalako. Eta asmatzen genuen talde bat elkartu eta ume jaio berri bati oparia nola eman eta sorpresak antolatzen genituen. Eta bertso saioak egiten genituen, eta musika kontzertuak antolatu egiten ziren, eta herri guztietan jaiak izaten ziren. Eta autobusean edo trenean joaten ginenean irakurri egiten genuen (edo leihotik begiratu).

Ahaztu egiten zaigu nola bizi ginen telefonorik gabe, baina ondo bizi ginen. Noizbait norbaitek mezua erantzuten ez digulako parrandan atera gabe geldituko ginela esan izan baligute, barre egingo genukeen orduan. Orain antsietateak jotzen gaitu seme-alaben gelako gurasoen Whatsapp taldean sartu ez gaituztelako. Lehen, onartu egingo genukeen mesede egin digutela; orain, badirudi zerbait garrantzitsua galtzen dugula egon nahi ez dugun talde batean ez egonda ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.