Urrezko aroa berreskuratu nahi du Trumpek bere tekno-aholkulariekin, Estatu Batuentzat bistan dena, baina pentsa daiteke mundu osora ere proiektatzen dituela bere ametsak. Bada ideia bat, hilgarria ene gostuko, zeinen arabera teknikak aldaketa klimatikoak eragingo dituen kalte guzietatik libratuko gaituela. Horietan sartzen dira nuklearra, adimen artifiziala, sare asozialak, aurrerapen teknikoak bideratzen dituen tresna materialak eta immaterialak oro. Baina sinesmen enpiriko hau ez ote da ilusio faltsu bat?
Hilgarria dela erran dut, teknologia omnipotentearengan sinesteak inguratzen gaituen naturaren indarrak ezeztatzera, menperatzera eta etengabe ustiatzera eramaten gaituelako. Hiriak, adibidez, inteligente eta likidoenak barne, denboratik kanpo bezala antolatuak dira, den mendreneko belar hostoa etsai bilakatzen zaiela. Teknikak agian Marte planetara ihes egitea baimenduko die gizaki aberats okitu horiei... gehienok, hargatik, kakaztatua utziko diguten lur honetan bizitzera kondenatuak gara —eta hobe menturaz!