Errota zaharrak su hartu zuela komentatzen ari ginen kafetegian bezero batzuk eta tabernaria. Badira urte batzuk. Emakume bat etorri zen, eta, kafea eskatzearekin batera, gure elkarrizketan sartu zuen muturra. Zirkin handirik egin gabe esan zigun nahita emandako sua izango zela. Bere ustez, baserritar askok egiten zuten gauza zen: etxeari sua eman, asegurua kobratu eta sekulako etxetzarra eraiki. Ez dut esango inork egin ez duenik, baina harritu egin ninduen baieztapena hain enpatia gutxirekin egiteak. Izan ere, zeure etxeari su ematea atera dakizuke ondo, baina gehienetan aterako zaizu gaizki. Ez baita erraza sua kontrolatzea; ezta aseguru etxeak zenbat diru emango dizun aurretiaz kalkulatzea ere.
Berriki Asturiasen egindako argazkiak ikusi ditut sare sozialetan. Basoan sua pizteko pospolo multzoak ageri dira. Sinestezina iruditzen zait, baina jendeak eman egiten dio su bere lurrari. Eta denak ez dira piromanoak. Askok nahi duten bakarra da indemnizazioa, edo, behin erre eta gero, baso-lur zirenak eraikitzeko lur bihurtzea. Geure burua hiltzeko moduak biderkatzen ari gara egunero, baina geure burutik hara doazen gauzei bakean utzi behar genieke. Gainera, ez da kabala handirik egin behar jakiteko baso-lurra eraikigarri egiteak nor aberastuko duen.
BIRA
Sua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu