Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Sorgin gurpila

2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Futbola kritikatzen dudan bakoitzean pose intelektual batetik aritzea leporatzen dit norbaitek, eta, beraz, hona aitortza prebentiboa: egunerokotasuna jasateko neuk ere behar izaten ditut hunkidura erabilerrazak, baina, tamalez, futbolzaletasuna ez zitzaidan egokitu dohainen tonbolan eta Cuore-rekin ase behar izaten ditut zirku premiak.—gainera, nik ez bezala, futbolzaleek badute beren zaletasuna bizitzaren alderdi nobleenen ispilu dela frogatzen duen metafora sorta—.

Baina goazen harira: berriro ere zurtutua nauka futbolak Mundiala izendatutako inbasio horri buruzko albisteak tarteko. Honakoagatik adibidez: 720.000 euroko gainsaria jasoko du Espaniako jokalari bakoitzak txapelketa irabaziz gero. Eta dirutza berez bada txundigarria, are eta harrigarriagoa apenas inor asaldatzea haurren pobrezia indizeak garai ilun eta atzenduetakoetara hurbiltzen ari diren lur eremuan. Halaber, aho zabalik nago ikusita hedabide kritiko eta konprometituenek ere bigarren mailara azpiratuko dituztela Mundialeko diru xahuketak eta bestelako gehiegikeriak salatzen dituzten brasildarren protestak, eta «kirolaren festa» bihurtuko dutela kontakizun nagusi.

Eta horrenbestez, idatziko dut berriro futbola dela egun patrialkapitalismoaren zutoin nagusia, eta pose intelektualarena leporatuko dit norbaitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.