Iragan larunbatean Aiherran nintzen, lehen lerroan, Arberoako ikastolaren sustenguz antolatu Su Ta Gar taldearen kontzertuan! Ikaragarria zen, lehen gitarra riff eta bateria uhin izugarriak irentsiko eta suntsituko ninduela uste izan nuen, baina iharduki zuen ene bihotzak eta ene zerebroko sinapsien loturak ez ziren desegin. Metal meta astunaren pean lehertu ninduen musikak, belarri-babesik gabe nengoela gainera!
Emanaldia hasi orduko, eta denboraren poderioz hunkigarria suertatzen zaigun Jo Ta Ke kantaren erritmoan, azantz, zarata, harrabots, harramantza elektrikoaren erdian itorik, pentsatu nuen ama-ontzietan geundenean, mundua berdin entzuten genuela, herots elkor eta abarrots bizigarri baten antzera hots! Gogapen hau ere jin zitzaidan burura: zenbat maite dudan euskaraz egiten den musika, izan La Basu, Esanezin, Su Ta Gar edo Maddi Oihenart. Gure herri-ontziaren soinu banda paregabea...
Bertako gurasoek adelatu talo zaporetsu bi klikatu nituen gauaren minean urtu aitzin. Plazer hutsez, taloak eta euskaradun gazteak ekoizten segi dezan Arberoako ikastolak.