Bira
Sinpleak
Nik pentsatzen nuen futbola gustatzen zitzaion jendea zela sinplea. Ezetz esan zidan. Arrazoiak azaldu zizkidanean isilik gelditu nintzen, eta hainbat buelta eman nizkion buruari. Lo gutxi egiteko aukera ematen zidan hurrengo goizean goizegi jaiki beharrak, eta, hala ere, burua martxan izan nuen izarapean esna eman nituen azken minutuetan. Futbola ulertzea zaila dela esan zidan, eta futbola bizitzeko asko ikasi beharra dagoela; futbolaz, noski, baina asko. Pilotaz, ordea, ez omen da gauza askorik jakin behar. Hala izango da seguruenetik: «gehienez ere bik jokatzen dute». Eman zizkidan azalpen gehiago ere, baina honetan konkretuki arrazoia eman nion: pilota partida bakarrarekin uler daiteke jokoa nola den. Arauak ez dira asko, eta egin beharrekoa sinplea da. Orduan konturatu nintzen futbolari buruz ez dakizkidan hainbat gauza daudela, eta egia da orain beste modu batera begiratzen diedala futbol zaleei. Zenbait jarrera justifika ezinak iruditzen zaizkit oraindik ere, baina litekeena da asteon Bilbo hartuko duen masa hori ez izatea nik uste bezain sinplea, edo bai; baina ez nuke garbi esaten asmatuko. Hala ere, gauza bat ulertu nuen lagunaren argudioen lerro artean: oso desberdina da futbol zalea izatea edo talde jakin baten zalea izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu