Bost urte eta gero, egindakoa aitortu du. Eskola sortu zutela ematen zuen bolada batez, baina pentsatu nahi dut jende askok emango zietela bizkarra 2016ko sanferminetan neska bat taldean bortxatu zuten gizonei. Irakurri dudanez, haietako batek gutun bat idatzi du eta onartu egin du Nafarroako hiriburuan egin zutena bortxaketa izan zela. Biktimari barkamena eskatu omen dio gutunean bertan. Badakit esango duzuela guztiok merezi dugula bigarren aukera bat, baina kosta egiten zait sinistea. Kosta egiten zait taldean ezkutatu eta ehizara abiatzen den piztia batek barkamena eskatzea.
Gehiago sinisten diot biktimaren abokatuari. Hark dio guztia dela maniobra bat espetxe-onurak izateko. Ez naiz ni epailea, baina sinesgarria egiten zait teoria hori. Izan ere, kartzela gogorra da. Gogorra bortxatzaileentzat ere. Ez du birgizarteratzeko balio eta ez ditu lapur handiak gordetzen. Beti egiten du txikien kontra. Pentsatzen dut beti bitsetan ibili denarentzat zaila izan behar duela, zure izena tatuatuta izan arren, oilarrena ez zarela ulertzeak. Pentsatzen dut ziegako bakardadean ez direla hain putoamoak manada hartako kideak. Edozelan ere, oraindik lau lagun falta dira egindakoa aitortzeko, eta milaka dira oraindik biktimari sinistu ez ziotenak.

BIRA
Sinestezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu