Idurre Eskisabel Larrañaga.
BIRA

Seinaleak

2015eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ilustrazioaren txinparta eskas dudalako edo, pentsamendu magikoak indar handia du nigan. Horrela, etorkizuneko seinaleen bila ibiltzen naiz oharkabean, gaztetxotako jokoen aldaera berriak errepikatuz. Hau da, eskolako karpetan tximeleta bat pausatuz gero begiz jotako maiteñoak keinuren bat egingo zidala sinetsi nahi izaten banuen nerabezaroan, orain estualdirik gabeko bolada baten hasiera ikusi nahi izaten dut bulegoko leihora etorritako txantxangorrian.

Nire zilborraz haraindiko kontuetara ere eramaten dut iragarle sena. Esate baterako, azken boladan oso arduratuta ibili naiz Bartzelonaren bolada txarrarekin: itxura eskasa, barne liskarrak, Messiren tristezia... Ez ote den guztia Kataluniako prozesu subiranistaren endekatzearen zantzu... Eskerrak Athletico Madrilen kontrako partidan—hor ere seinalea— erakutsi dutela, agidanez, gauzak badatozela beren onera, itxura batean, Masen eta Junquerasen hitzarmenak bezalaxe.

Hotzikarak jota nago, ordea, leitu dudanetik gure askatasunen ikur bide den Gernikako arbola ihartu egin dela, eta zimeltzearen arrazoia dela lur zabalean ordez loreontzi moduko batean dagoela aldatuta, drainatze kaskarrarekin, oxigenazio murritzez, eta behar besteko argirik gabe. Alegia, itxitura lohitsu, ito eta laiotzean preso dagoela. Seinalea eta errealitatea erabat uztartu ote diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.