Onintza Enbeita
Bira

Sasoia

2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Neguan elurra egitea gauza normala da, baina hemen berri garrantzitsutzat hartzen da. Informatiboetako kazetariak Opakuatik eta Urkiolatik egiten dituzte zuzenekoak errepideak nola dauden jakin dezagun. Han ikusten ditugu mikrofonoak eskutan, uzkurtuta, berba bakoitzean ahotik gandua dariola. Abuztua balitz, ulertuko nuke, baina otsailean elurra egitea gauza arrunta da. Neguan negukoak behar du. Ez dakit, ordea, arazoa larriagoa eta sakonagoa ez ote den. Antzina naturaren zikloen parte ginen, eta urte sasoi bakoitzak bere errituala, bizimodua, janaria… zituen. Orain, edozein sasoitan jan nahi ditugu gereziak, eta negu gorrian eguzkia nahi badugu, nahikoa da hegazkina hartzea. Umetan pikuak jaten genituen udazkenean, tomateak udan, sagarrak ekainetik aurrera, neguan gaztainak… naturaren zikloa ez da aldatu, eta neguan elurra egiten jarraitzen du; ez baitago beste modurik udan eguzkia ateratzeko. Geu gara lehengo moduan bizi ez garenak. Txarrerako aldatu gara. Tomateak nahi ditugu udan, eta neguan, eta udazkenean, horretarako Argentina edo Txileko baserritarren ekoizpena hipotekatu behar badugu ere. Zentzua berreskuratu behar dugu sasoia joan baino lehen; lurrak ez dizkigu kapritxo hauek guztiak barkatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.