Kontinente horren izenaren erritmo frikatiboak erakarri nau betidanik. Are gehiago urtarril bukaeran plazaratu den Nature aldizkarian agertu berri den artikulu bat irakurri ondoren: Homo sapiens espeziea —gurea, euskaldunona barne…— Abidjan inguruetako basotzar tropikaletan bizi zela ikasten da hor. Duela 150.000 urteko lekukotasuna. Isturitzeko aztarnak, adibidez, 80.000 urtekoak baizik ez dira. Elementu zehatz hauek guziek, nire historia unibertsal euro-zentratu posiziotik urruntzen naute, kolonizatzeko, apalesteko eta ustiatzeko baino, Afrika lurralde zahar, aberats eta oparoa dela oroitaraziz.
Abidjan metropoliko urbanizazio etengabeak arkeologoek eta paleontologoek fosilak aurkitzen dituzten oihanaren estalpea karruskatzen du. Egoitza erraldoien fundazioak zulatzean atzematen dituzte silex, koartza eta hezur puskak, bai eta xehagailu zorrotzak, abere larruak eta haragiak ebakitzeko erabiltzen zirenak. Bertako ikerketa zientifikoak hasiera-hasieran dira oraino, diru gutxirekin dabiltza, baina ez dute duda mikorik: gizakiek Afrikar eremu guzia habitatzen zuten eta ez bakarrik Rifteko harana. Hortik gatoz gu ere...