Bihotza kolkotik atera beharrean sentitzen du. Aurrera begira doa, zurrun. Baretzeko esaten dio behin eta berriz bere buruari, lasai dagoela guztia, irudipen hutsek izutzen dutela. Baina, orduantxe, zarata bat entzun du berriro atzealdean, iluntasunean. Garrasia eztarrian mututzea lortu du, baina zangoek pausoa azkartu dute, beren kabuz. Eta geratuko balitz? Eta atzera begiratuko balu? Eta atzetik datorkionari aurre egingo balio? Ez al du bada borrokarako gorputz oso bat? Ez al da bada atzetik datorkion hori adina? Eta zergatik izan behar du asmo txarrik atzetik datorkion horrek? Baina aurrera segitu du, bihotza kolkotik atera beharrean. Ez da besterik egiteko gauza. Gainera, beldurrari damuak hartu dio gaina: zergatik ez da joan etxera koadrilako besteekin batera? Zergatik erabaki ote du taberna hartan ezagututako bizpahiru lagun berriekin jarraitzea? Zergatik eman dio bere buruari deskontrolatzeko baimena? Arnas estuka etxeko portalera iristearekin batera, lortu du, azkenean, oldartzeko adina indar pilatzea. Atzera jiratu da, erasorako prest. Ohibezala, ez dago inor.
Bere buruari betiko galdera eginez sartu da Ane igogailura: bizi izan ote du inoiz bere anaia Mikelek halako amesgaiztorik parrandatik etxerakoan?
Bira
Sanferminak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu