Zer polita den jendea txapelarekin eta abarkekin ikustea urtean behin. Zer gozoa den txakolina, ze ederra taloa, ze zoragarria sagardoa. Urtean behin dena da balekoa, baina egunero… egunero edozerk nekatzen du bat. Eta horixe gertatzen zaigu euskaldunoi: urtean behin halako gorazarreak egin eta gero, egunerokorako nazkatuta egoten garela baserritarrez. Ez dugu haien generorik erosi nahi ez dagoelako dendakoa bezain inpoluto. Ez ditugu haien esku latzak laztandu nahi, eta manikura egiten dutenak susmagarriak iruditzen zaizkigu. Ez dugu txerri kiratsik nahi gure txaleten ondoan. Ez dugu taloak egiten denborarik galduko supermerkatuan Mexikoko tortillak eginda daudenean. Ez gara azokara joango euria ari duenean. Ez dugu azalorea jango leku batzuetan gereziak erosi ditzakegunean.
Pena ematen dugu. Pena handia. Hiriko ikuspegiarekin eraikitzen ari gara dena. Dena. Hirian bizi direnentzat logikoak eta onak diren gauzak nahi ditugu herrian bizi direnentzat. Polita da gauzak txikitik handira eraiki behar ditugula esatea, baina gero, iristen gara lehen sektorera, baserrira, herrira eta alderantziz funtzionatzen dugu: handiarentzat ona dena inposatzen diogu txikiari. Gaur ere, Donostian eta Bilbon baserritarrak dekoraziorako objektu soilak izango dira.
BIRA
San Tomas
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu