Bira
San Isidro
San Isidro baserritarren patroia dela irakatsi ziguten. Andoni abadeak kontatzen zigun nola ari zen santua soroan beharrean jo eta ke mezetarako ordua iritsi zitzaionean. Kostata, baina elizara joatea erabaki zuen, eta bueltan etorri zenean soroa goldatuta aurkitu zuen. Askotan gogoratzen naiz Isidroz, baina ez dut ezagutzen mezetan egon den denboran aingeruek lurra goldatu dioten beste inor; nahiz eta gure inguruko zaharrak urtero joaten ziren mezetara gaurko egunez. Gaur, baina, ospatzeko ere apenas duten ezer baserritarrek. Gero eta lur gutxiago lantzen da. Belarra erregalatu egiten dute askok, eta, hala ere, inork ez du behar; gero eta ganadu gutxiago baitago kortetan. Urtetik urtera, gero eta gehiago dira moztutako belarra erre egiten dutenak, eta ez naiz marihuanaz ari, sekula belarra eta alpapa moztu eta bertan erretzeari buruz baizik. Lurra baduenak ez du lurrak ematen dionetik bizi nahi, eta dendan erosteaz nazkatu denak ez du lantzeko lurrik. Bitartean, baserritarrei hitz politak esan, eta hiltegiak ixten ari dira instituzioak. Lehen ortua zuena autosufizientea zen. Gaur diru laguntzen menpe bizitzera behartu nahi dute. Edo gure politikariak lehen sektoreari heltzen diote, edo Isidroren aingeruei deitu beharko diegu gure paisaia sasiak har ez dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu