Udaberria hor delako seinale argia da, malda, patar eta pentoketan zutunik, lili zuriz apaindua agertzen den sahatsa. Enetzat top abiatze zoharra da, primadera eskura ukanki, ber bizitzen sentitzen naizelako: martxokoa naiz, hots karaktere txarreko Aries ero horietatik! Negua zeharkatzea lortu ondorengo salbamendu sentsazio batek gatibatzen eta bat-batean baikor egiten nau: edozer gerta daiteke, zortez edo zorte gabe gertatzen dena baino kalipu gehiago daukat, bereziki sahatsa loretan miresteko aukera dudanean.
Gogoan dut nola, etxeko sukaldeko leihotik, Mendigaraiko mazelako sahatsak erakusten zizkigun aita zenak, Caspar David Friedrichek gogotik marraztuko zituen arbola abar biluzien artean lili zeuden bakarrak. Amikuzeko euskara ironiko-musikal batean erraten zigun «soi’zan, sahatsak deia xuri’tun! Guazen aihena estakatzeat eta gio ñago idokiteat!». Bere haur saldo animalari esku-lana aurkitzeko prest zen beti. Eta bazen egiteko... Etxe aitzineko peza hori dagoeneko naharrak irentsi du, hainbat non, sahats ondoak ez diren lehen begi bistan zehazten ahal ere. Baina badakit han direla.