Ainize Madariaga

Rol-kutsatzea

2024ko ekainaren 29a
05:00
Entzun

Mahai-burukoa sentitzen dut ez dagoela arras gurekin, ez duela oraino jantzi zerbitzatua izan behar duenaren rola. Elkarrekin aritu ginen lanean, ikasle-garaian, ikasturte osorako lau sosen baztertzeko. Uztartuz, lan-izerdia, eta gaupasetako isuri-mota guziak.

Gure betebeharra zen jatetxerat zetorrena eroso senti zedin, laxatua eta goza zezan apairua. Horretarako, denetarik egin izan dugu: txisteak bota, gure herriaz mintzatu, kantatu, psikologoaren belarria paratu, bai ere, bezeroaren ustezko jakintasuna gurtu, bere burua handi ikus zezan. Plazer hartzen genuen bezeroak ere hartzen zuelarik.

Baina oroz gainetik, zerbitzariok elkar atxiki izan dugu.

Egun, laguna hiperenpatiak joa dagoela ohartu naiz: mahaiko plater guziak metatu baititu; ogi eskasean, xutitu baita gehiagoren xerka; berriz ere xutitu, sardexka baten ekartzeko... Zerbitzari izandakoari neke zaio zerbitzatua izatea, ez du kausitzen bere bezero-rolan sartzea. Konpasioa ederra da, beharrezkoa; baina batzuetan, ez du gozatzen uzten; ez berari, ez ere lanean ari denari. Alta, atsegin hartzeak ez du makurrik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.