Ateo itxura dutenak ere prozesioak egiteari emanda daude. Jaungoiko izateko bidean Meka bat markatu dute, eta haraxe bueltaka ari dira. Madriletik Ipar Polora begira jarrita, ipar hurbilagoan aukeratu dute lekua. Altsasura etortzen hasi ziren, eta hiriburuetara jo dute gero. Errenteriatik ere pasatu dira. Bandera gorri-horiak dituzte ikur nagusi euren agerraldi publikoetan. Batzuek eskuineko eskua jasotzeko joera inkontzientea dute. Nahi gabe ateratzen zaie. Egia esan, prozesio batean aurrekoari helduta joateko aukera eskaintzen du besoa luzatzeak. Hala ere, keinua, susmagarria da: besoa beti jasotzen dute besteon burua baino gorago.
Alferrik da pinuaren prozesionariari bezala katebegi bat kentzea. Pinuarenak sakabanatu egiten dira ilara apurtzen zaienean, prozesiolari moderno hauek, ostera, biderkatu egiten dira. Aita dira, semea dira eta espiritu santua dira. Gutxi izateko, denean daude. Eta haien ideiekiko ateo agertzen direnek hitz egiteko eskubidea dutela diote: ezin zaiela prozesioak egitea galarazi. Eta asko akonplejatu egin dira adierazpen askatasunaren izenean, eta haiei eskua jaso dezaten uzteko, besteei ukabilak txikitzen ari dira.
Berriro jarri dira modan prozesioak eta gurean markatu dute Meka: baldin badago behintzat, Jainkoak anpara gaitzala.
BIRA
Prozesioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu