Onintza Enbeita
BIRA

Prezioak

2022ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Milioi bat euro eta erdi eskatzen ditu baserriaren truke: ez omen du diru hori bizitzeko behar. Itxaron egin dezake norbaitek diru hori bildu arte, baina ez du bere etxe ederra oparitu nahi. Nahiago du eror dadin merkeegi saldu baino. Batek pentsatzen du dirurik ez badu behar erokeria bat dela hainbeste diru eskatzea, baina bat da erratuta dagoena. Izan ere, gainean zerbait eraiki dakiokeen lur zatia berrehun mila eurotan saldu dute auzoan. Belardi bat, aizue: belarra biltzeko bakarrik balitz, mila euro ere balioko ez lituzkeen belardi aldapatsua. Jendeak esaten duenez, normala da prezio horiek jartzea: kalera joanez gero, edozein zulok balio du berrehun mila. Hori ere ez da normala, baina hala balitz bezala bizi gara.

Urdaila estutzen zait zenbakien dantza ero horretan. Ez dakit zer sartu diguten buruetan, baina etxeak inbertsio gisa erosi behar genituela esan zuenak kartzelan behar luke. Etxea bizitzeko denok behar genukeen lekua da. Eta lurra landu nahi ez duenak erraztu egin behar lioke bidea hala egin nahi duenari. Baina ez. Guri esaten digute behar ez dugun etxe baten salmentatik aberastu egin behar dugula. Jakina: aberastu etxe hori behar duenaren kontura. Eta orain, gure kontura ederto bizi den konglomeratu anker batek erabakitzen du gure etxeen balioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.