Ez dut zalantzan jarriko Itziar Ituñoren pregoiaren balioa. Ederra izan zen. Kontua da, haren inguruan esan diren zenbait gauza entzunda, badirudiela euskara hutsez egin den lehen pregoia izan dela hau, eta ez da hala. Ituñoren irudia internazionala eta modernoa da gurean entzun eta ikusten diren komunikabideentzat, baina pregoia euskaraz egin izan duten beste batzuena ez. Zenbait jenderentzat bertsolaritza, adibidez, duela mende asko gertatzen jarraitzen duen zerbait da. Esate baterako, 1997an Unai Iturriaga izan zen Bilboko jaietako pregoilaria, eta akorduan dudanetik euskara hutsez eman zuen mezua. Jon Lopategirena lausoago daukat memorian, baina ez nuke esango 1990ean gurea ez beste hizkuntzarik erabili zuenik. Horrek ez dio inporta. Bertsolariok ez dakigu beste hizkuntzarik antza: euskaraz dihardugu besterik ez dakigulako. Ez dira ohartzen, ez dute ikusten, ez dute ulertu nahi euskaraz sortzea erabaki dugunok egunero egiten dugula hautu hori. Guretzat ere erraza litzateke gaztelaniaz, ingelesez edo beste hizkuntzetan aritzea, baina gure hizkuntzan sortzea erabaki dugu.
Pregoiak
Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)
Ordenatu