Pasa den asteburuan Bordeleko Eskual Etxean nintzen, Euskal Herriko emazte poeton eginak eta zereginak aipatzeko. Bistan dena, Topa jatetxeko afari oparo batekin finitu genuen eguna. Han ziren Garonaren hegietan euskara ikasten ari zirenak, planetaren lau kantoietatik etorriak. Besteak beste, gurea iparraldeko doinu polit batekin erabiltzen dabiltzan Zeelanda Berriko Victoria eta Ohioko Scott. Haien konpainian samurtasun zirrista bat ernatu zen nire bihotzean: euskarak, mundutik bereizteko partez, biltzen gaitu.
Gogoratu nintzen, bi aste lehenago Macronek, Giza Eskubideen Ligak bere definizioetan diskriminante eta arkaiko gisa salatzen duen frantses akademiaren hiztegiaren aurkezpenean erran zuenaz: haren gustuko lurralde mintzairak frantses estatuaren banaketa tresnak ziren, iraganean aipatzen zituen gure hizkuntzak, globoaren azaletik jada desagertuak bailiran. Hauxe mutiko popela, XXI. mendea XIX. mendeko ideiekin gobernatzen duena... Erantzungo nioke, bertigo pixka batekin halere, euskara entzungo dela datozen laurogei urtian, Macron bera aspaldian ahantzia izanen delarik!