Miren Larrionen elkarrizketa entzun nuen atzo Euskadi Irratian. Ausarta behar du izan jendearen aurrean ariketa hori egiteko. Bejondeiola! Egin zuena egiteko izan zuen arrazoia berbalizatu du: trauma osteko estresa daukala aitortu zuen. Beste gauza batzuk egin zitzaizkidan gogorragoak, ordea: pozik egoten zen asteburuan egun bat libratzen bazuen, Gasteizko udal bulegoetatik ateratzen zen azkena izaten zen askotan...
Badago politikan aberastu egiten den jendea, aholkulariek egindako testuetatik kanpo esatekorik ezer ez daukana, kargua hartu orduko exijentzia handiak izaten dituena, marketin kanpaina etengabean bizi dena. Dotore janzteko zer jantzi behar duen ere esan egin behar zaion jendea dago politikan. Balioan jarri nahi nuke aholkularien eta teknikarien lana. Badakit politikan ari denak ezin duela denetik eta dena jakin. Argi dago edozein petsonak behar duela laguntza, eta taldeak egiten du on edozein proiektu politiko. Hala ere, politikak leku atseginagoa izan behar luke sinisten dutenaren alde lan egiten dutenentzat. Politikak izan behar du militantziatik, jakina, baina inor lehertu gabe. Badakit gutxi direla publikoki kontatzeko balorea dutenak, baina asko dira, gara, ginen, ziren osorik edo zati batean apurtu direnak. Ez luke horrela izan behar.
BIRA
Politika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu