Hilabete honetan bigarrenez Hobbes filosofoaren bidea gurutzatu dut, Liverpooleko Beatles taldearen museoan, hain zuzen. «Gizona otsoa da gizonarentzat» nioen unean «are gehiago emakumearentzat» gehitu zuen nire aldamenean zebilen lagunak —milesker, Gorka!—. Gure pertsona gisako oinarrizko formakuntzan parte hartu zuen ingeles laukotearen kantak banaka gogoratzean eta bereziki George Harrisonen «maitasunarekin salba dezakegu mundua!» erranaldia irakurtzean, gaurko egoera neoliberal salbaiarekin konparatuz, garai haietan inozenteak eta naifak ginela ondorioztatu genuen pozik.
Gela batetik bestera pasatzean, Imagine abestiaren lehen notak entzun genituen, eta berehala, ingurune zuri eta zurbil batean, John Lennonek melodia sortzeko erabili zuen pianoa ikusi genuen: irudika ezazu bakean bizi den mundu bat, egunean eguneko bizi den mundu bat, guzia partekatzen duen mundu bat... 1980ko abenduaren 8 hartan John Lennon erail zuenak ametsik gabeko lur anker baten atea ireki zigun: zein itzalek bada jotzen du oraino ere humanitate galduaren soinu sentibera hau piano zuriaren klabierrean?