UEUri diru laguntzak kendu dizkio Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, eta, ondorioz, kinka estuan ari da ospatzen 40. urteurrena balizko euskal unibertsitatearen ernamuina. Haatik, ez dugu manifestaziorik egin. Izan ere, premiazko hainbeste gauza ditugu egiteko! Inertzia militarraz itxuragabe luzatu zaigun gatazka armatu baten amaiera bideratu, gainera etorri zaizkigun kudeaketa lan berriei erantzun -zabor, errepide zein zerga-, botere gune berrietara iristeko estrategiak asmatu... Ez dugu pentsatzeko astirik. Aspaldi esan zuen poetak handiak direla gure herriko lanak; azken batean, herria bera dugu eginkizun: milaka banakoren «ni naizena»,garenarekin, besteek garela diotenarekin eta izan nahi dugunarekin jostea. Harrapazan/k!
Baina, lan horretarako, pentsamendua da ezinbesteko lehengaia, eta haren ekoizpenak mimo, denbora eta baliabide handiak eskatzen ditu; besteak beste, unibertsitate esparru indartsu bat. Baina EHUra ere laster iritsiko ei da guraizea, eta zabaltzen ari den zurrumurruak dio euskaraz egindako ikerketari eta euskaraz sortutako jakintzari erasango diola gehien: balizko Euskal Herri hori gorpuztu dezakeen pentsamenduari.
Gauza asko ditugu egiteko, premiazkoak: gure pentsamendua ekoiztea, hil edo bizikoa.
Bira
Pentsamendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu