Nikolai Patruxev da Putinen aholkulari berezia. Elkarrekin ibili ziren KGB izeneko zerbitzu sekretuetan. Gizon bortitza da eta Moskuren xede geopolitikoak aurkezten ditu, ahoan bilorik gabe, kazetarien aitzinean hitz egiten duen bakanetan.
Bere adierazpenen ildotik, baliteke urte honen bukaerarako Ukraina mapetatik desagertzea, soilik eta sinpleki. Destino bera iragartzen dio Moldaviari. Gutxiengo errusiar hiztunak diskriminatzen omen dituzten herrialde baltikoak mehatxatzen ditu halaber. Amerikarrekin bilduko da laster, nazioarteko komunitateak, nola edo hala, errusiartzat jo ditzan Ukrainako Donetsk eta Luganskeko errepublikak, bai eta Zaporizhia eta Khersoneko eskualdeak ere. Trumpek Gaza palestinarrez husteko baimenaren trukean?
Helburu horiek lortzeko bidean daude amerikar eta errusiar bi munstroak, tartean dagoen Europa noraez bezala dabilela, eskuin muturreko oligarka berrien eskuetan, ezegonkortasun handian. Biek, hondarrean, gerla hotzaren garaiko blokeen itzulera irudikatzen dute, jende arrunten bozen konplizitatearekin.