Ahoa hortzez betea ukaiteak ez du balio bera denendako. Hori bai, ardi bat hortzez beterik baduzu, laster hortzak izerditzen hasiko zaizkizu, zikiro-urrin ezin hobeak sudur-hobiak kolonizatuko baitizkizu. Bai, ahoa bete hortz utzi nau, ene jakituria-eza promenatzen nuelarik, kabalen hiztegi zehatza genuela mintzagai. Adibidez, asto edo zaldi-esnez eginik xaboirik ez nukeen erabiliko, badaezpada ere. Norberak ikus dezala zertan duen gustua.
Afera da hortzeriaren gainean eleka ari ginela; adina salatzen baitu hortz-kopuruak: bi hortzeko ardiek urtea pasa dute, konparazione. Alta, hortz guziak dituztelarik aho-zerratua deitzen diote. «Adin hoberenean delarik, ez dea hala?», galdetu dut inozoki. Ez ba: ardi aho-zerratuak zikiroaren borta zabalik du, zaharregia baita.
Gizakiak ahoa hesten du hortzik ez badu; ongi erakusten, berriz, denak baldin baditu. Narayama bushikō filmeko Orin-yan protagonistak salbu, hortz guziak baititu, preseski, ahoa hetsia du; hortz horiek baitiote galarazten mundu honetatik lekutzea. Bortxaz erauzi ondoren, ahoa zabaltzen du, ongi erakusteko partitzeko prest dela.