Zein polita den Panama izena zuen Janosch ipuingile alemaniarraren 1978ko kontakizun ezagun batek. Ibaiertzeko etxe batean pozik bizi diren hartzaren eta tigrearen istorioa kontatzen du: arrantzale amorratua bata, perretxiko biltzailea bestea. Egun batean, «Panama» jartzen duen kutxa bat arrantzatzen du hartzak: platano usaina dakar, eta Panama haien ametsetako lurraldea dela irudikatzen dute. Kutxaren egurrekin norabidea markatzen duen seinale bat egiten dute, eta harantza abiatzen dira. Bidean hainbat animaliari galdetzen diete non ote dagoen Panama, baina inork ez daki, eta, azkenean, ohartu gabe, ibaiertzeko euren etxera itzultzen dira. Hura landarez beteta eta aldatuta dago eguraldiaren ondorioz, eta «Panama» dioen egur zatia ikusten dutenean, heldu direla ondorioztatzen dute.
Norbere etxearen balioari buruzko ipuinak bestelako amaiera dauka, ordea, gure egiazko istorioan. Hartan urruneko paradisua da Panama; dirua non daukaten ere ez dakitenek, ideologiak ideologia eta ofizioak ofizio, topo egiten duten tokia. Asteburuan argitara atera da inork espero ez zuena: dirua patrikan edukitzea gustatzen zaienek zergak saihesteko moduak topatu ohi dituztela. Eskuak burura eramango ditugu, eta gu ere saiatuko gara etxeko hurrengo obra beltzean ordaintzen.
BIRA
Panama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu