Umetan kontatzen ziguten ipuinetako batean bazegoen otsoa datorrela brometan esaten zuen artzain bat. Azkenean, otsoa benetan etorri zenean inork ez zion bazetorrenik sinetsi. Euskal Herriko abeltzainek denbora daramate otsoa hemen dagoela esaten, baina inork ez die kasurik egiten. Esatea erraza dela jakinda ere, ni berez ez nago otsoa hemen izatearen kontra. Ez dut uste desagerrarazi egin behar genukeenik. Ez naiz inozoa, ordea. Badakit azken urteetan garatutako baso eta hirigintza politikek ez dutela otsoarentzat lekurik utzi, eta horrek asko larritu du abeltzaintzaren eta otsoaren arteko elkarbizitza. Metro koadro guztiak behar ditugu dirua irabazteko, bai basoan, bai ukuiluan eta bai ortuan, eta elikagaiak edozein preziotan sortzera eraman nahi gaituzte.
Otsoa hemen dago; baita abeltzainak ere. Gaizki kudeatutako basoak hemen daude. Lehen sektorearen arazoekiko ardurarik hartzen ez duten politikariak hemen daude. Galdera da ea elkarbizitzarako aukerarik badugun, eta, ez badugu, ea nortzuk diren atzerapauso bat eman behar dutenak.